XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badirudi azkeneko adibide honetan agertzen den dut adizkia ez dela (interpretazio batean bederen) edun laguntzaileari dagokiona, baina izan kopularen ordez, baliatzen ahal dugun edun kopula biltzailea, hala nola esaten ahal baititugu honakook ere: a. liburua hemen dut.

b. zapatak handiegiak ditut.

Gure adibideetan hiztunak ez dio ama hil duela, baina zendua duela soil-soilik, hila, kasu horretan, predikatu osagarriaren paperean dagoelarik.

Beste batzutan, berriz, gauzak ez dira hain garbi eta, kasu hauetan, partizipioaren ondoan agertzen den adizkiari nekez eman geniezaioke kopula deitura: sagarrak amari emanak dizkiot.

Adibide honetan partizipioa perfektuan agertzen da.

Esan ote dezakegu, zernahi gisaz, hemen ere, aurreko adibideetan bezala, dizkiot adizkia kopula dugula eta ez aditz laguntzailea?.

Ez da batere gauza segurua.

Bego horretan, bada, hemen zuritzeko ez den auzi hau.

Gisa honetako partizipioak (perfektu marka duten partizipioak) ez dagozkio beti nor sintagmari eta zenbaitetan nork eta nori kasuetan ere aurkituko ditugu.

Horrela, ondoko perpaus honek hiru interpretazio izan ditzake: esanik dago.

Hiru interpretazio horiek honako esaldiotan ikus daitezke: a. oraingoan dena esanik dago; ez da ezer gaineratzekorik.

b. ez zenuen gura hark jakin zezan.

Beranduegi da ordea: segur naiz dagoeneko norbaitek esanik dagoela.

c. ez zenuen nahi Patxik inori esan ziezaion.

Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko bati baino gehiagori esanik dagoela.